martes, 26 de noviembre de 2019

24. Euskal Denda aurkeztuta



 Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala sustatzeko Elkarteak, Euskal Dendaren 24. edizioa antolatuko du aurten. Elkartearen ekitaldi garrantzitsuenetako honek, berriro ere, Durangoko merkatu plaza izango du sektoreko makro-erakusleihoa.

Gero eta dibertsifikatuago, zabalago, heterogeneoago eta eklektikoagoa den artisautza sektore honetan, bisitariek 52 erakusmahaietako artisauen produkzioak izango dituzte gozagai abenduaren bostetik zortzira. Gainera, erakustaldietan parte hartu ahalko dute eskuzko lanbideak barru-barrutik ezagutzeko.

Hartara, Euskal Denda topaleku saihestezina izango da artisautza bizirik dagoen sektorea dela egiaztatzeko; horren adibidea da, Durangon, lehen aldiz parte hartuko duten artisauen kopurua, 52 firmetatik 13, % 25a, alegia. Argi geratzen da sektorean belaunaldi berria datorrela eta erakundeen aldetiko laguntza behar duela irakite bizian dabilen gremio honek.

”Larruzko lilia” zango da hogeita laugarren edizio honetarako aukeratu duten leloa; izan ere, sentikortasun handiz daramate artisauek beren lanbideekiko grina; barruan daramate txertatuta lanarekiko sentimendua sektore ekonomiko horren ahalmenaren eta sostenguaren alde, baita gure kulturaren zati handi baten alde ere. Ofizio tradizionalak dira, eboluzionatuz doazenak eta, batzuetan, beren funtsaren zati bat atzean uzten dutenak, gizartearen eskaerarekin bat egiteko bide berriak bilatzeko.

Beste behin ere, Euskal Denda sektorearen erakustoki onena izango da. Helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, beti ere, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz. Profesional hauek biziraungo badute, behar-beharrezkoa da, krisi garaian, artisauen lana bertatik bertara ikusaraztea; horixe baita Euskal Dendaren funtsa, hain zuzen ere.


Izan ere, artisautza bizimodu bat da, gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat da, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazteko modu bat ere. Horrela bada, ekimen honen inguruan Euskal Herriko artisautzaren eta antzinako lanbideen gailenak batuko dira. Ezin dugu ahaztu artisautza bizimodu bat dela.
Argazkietan Endika Zabala, Arbasoko arduraduna eta Ima Garrastatxu, Durangoko alkatea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario